Euskaldunentzat magikoa den Anbotoko mendiaren azpian, aparteko alde zaharra duen hiribildua dugu: Durango. Monumentu Nazionala den Uribarriko Santa Maria Basilikak Euskal Herriko arkuperik handiena du itsatsita. Kurutziagako gurutzea, Durangok duen bitxirik preziatuenetakoa da. Estilo gotikokoa da eta XV. mendean, Durangaldean izandako gertaera heretikoen bekatuak ordaintzeko eraiki omen zuten. Bizkaiko zaharrenetarikoa den udaletxearen aurrealdeak margo originalak mantentzen ditu. Lariz Dorrean Isabel Katolikoak gaua egin zuela diote eta Erdi Aroko arkitekturaren eredu dotorea da. Barroko estiloko Santa Anako ataria, hiribilduko harresiak zituen sei ateetatik zutik dagoen bakarra da. Bilbotik ordu erdira dagoen Durangon, abenduan, Euskal Azoka antolatzen da, non euskaraz egindako musika eta literatura gertutik ikus daitekeen.